Pages

2013-05-24

Eskualdeko kolektibo sozialek elkarlanean sakontzea erabaki dugu.


Eskualdeko kolektibo sozialek, langabetu asanbladek, emakume taldeek, gazte asanbladek eta beste zenbait talde antikapitalistek elkarrekin antolatu genuen maiatzaren 1eko meatzaldeko martxa. Ekimen horren balorazio baikorra egin dugu guztiok eta hortik abiatuz elkarrekin elkarlanean hastea erabaki dugu.

Bakoitza gure herrian ari gara eta bakoitza bere arloan, batzuk gazte mailan ari gara, beste batzuk genero berdintasunaren alde, besteak langabetu edo lan esparruan, baita kooperazioaren esparruan ere. Guztiok ari gara ordea gizarte aldaketa bat eskatzen eta egunez egun lantzen, horregatik sortu da bakoitzaren ekimenak, ideiak, egitasmoak, borrokak konpartitu eta meatzalde mailako elkarlana abiatzeko asmoa.

Trapagarango langabetu asanblada, Ortuellako lau katu, Trapagarango gaztetxea, Amaris emakume taldea, Hitza Kalean elkartea, Muskizeko gazte asanblada eta Coke Ez koordinadora hasiak gara bide horretan. Hasteko honako helburuak hasiak gara lantzen.

1-Eskualdeko ikuspegia emango duen web orri edo plataforma digital bat sortzea. Eskualdeko kolektiboen ekimenen berri elkar pasatzeko eta edozein herritarrei kolektibo sozialen arloan Meatzaldean egiten denari buruzko ikuspegia emateko. Webgunea hau sortzeko kolektibo ezberdinen arteko lan talde bat osatu da eta egitasmoa lantzen hasteko ekainaren 12rako jarri da hitzordua, 19:00etan Trapagarango anbulategi zaharrean.

2-Udarako sozial arloko salaketa agenda bat adostu nahi dugu, gure herrietako jaietan  gauzatuko dena nagusiki eta eskualdeko ikuspegia emango duena. Printzipioz adostu da MEATZALDEAN LAN eta BIZI! ildoarekin jarraitzea. Kanpaina hau zehazteko hitzordua ekainaren 4rako jarri da. 19:00etan basetxe gaztetxean.